Itsuak surflari izateko taula

Cisco Araña brasildarrak itsuek surfean egin ahal izateko taula eta irakasteko sistema bat sortu ditu; bere ezagutzak partekatzera eta ohol batzuk uztera etorri da Euskal Herrira, probatu ahal izateko.







Edonork egin dezake olatuen gainean hegan; edozein bihur daiteke surflari. Baita olatuen eta itsasoaren urdina ikusi ezin dutenak ere: itsuak. Ikusmen urritasuna duten pertsonei surfean egiteko modua ematen dien surf taula eta metodologia asmatu ditu Cisco Araña brasildarrak. Euskal Herrian da egunotan, eta atzo aurkeztu zituen Donostian. Groseko surf eskolan utzi zuen lehendabiziko taula, nahi duenak probatzeko.

Araña surflari profesionala da —lehiaketetan aritutakoa da—, eta surf eskola bat du Brasilen. Haren ustetan, urritasunen bat duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko tresna ezin hobea da surfa.

Duela hamar urte hasi zen itsuentzat pentsatutako taula diseinatzen Brasilen, bere surf eskolara Valdemir Pereira 20 urteko gaztea joan zitzaionean. Pereirak ebakuntza baten ondorioz ikusmen osoa galduta zuen, baina orduetako lanarekin eta Arañaren laguntzarekin, surfean egitea lortu zuen. «Bizitza aldatu zitzaion. Berriz jaio zen», azaldu zuen Arañak. Komunikabideetan oihartzuna izan zuen kasuak, eta administrazioak diru laguntza bat eman zion gazteari Unibertsitatera joan ahal izateko. «Hezkuntza Fisikoan lizentziatua da egun, eta Zuzenbideko lehen ikasturtea egiten ari da», esan zuen. 

Olatuen gainean amestea proiektuaren berri ematera etorri da Euskal Herrira Araña. Surfaren inguruan lan egiten duten enpresa eta erakundeekin bildu da horretarako. Horien artean daude Pukas, Ocean, Groseko Indarra eta Zurriola Surf eskolak, besteak beste.

Taula egokituak hainbat berezitasun ditu taula arruntaren aldean. Kolore urdin fluoreszentez eginda dago hasteko, itsu batzuk argitasun pixka bat ikusteko gai baitira. Horrez gain, hainbat erreten ditu erdigunean eta alboetan, etzanda eta zutik jartzeko unean ukitu, eta gorputza eta eskuak non jarri jakiteko. Taularen bi muturrak gomazkoak dira, eta ez irristatzeko tolestura txikiz beteta dauka azalera. Taulak soinuak egiten ditu, gainera, hainbat lekutan golpeak emanez gero. Edonola ere, Arañak esan zuen beharrak sortu ahala ohola «itxuraldatzeko» aukera zabalik dagoela. 

Irakasleen heziketa

Taularekin batera, bere lan egiteko modua zabaltzera etorri da. Denbora honetan Brasilen ikasitako ezagutzak partekatu eta pertsona itsuei surfean nola erakusten zaien azaldu nahi du surflariak. Taula bezain garrantzitsua baita irakasleek jaso behar duten heziketa.

Lehendabiziko taula Groseko surf eskolan utzi du, nahi duen orok probatu ahal izateko. Zarautzen (Gipuzkoa) egin du beste geldialdia Arañak. Aitor Francesenarekin bildu da han. Aritz Aranbururen entrenatzaile izandakoa da Francesena, eta itsu geratu zen duela urtebete istripu baten ondorioz. Surfean jarraitzen du oztopoak oztopo, eta Arañak egindako ohola izango du orain bidelagun. 

Mundaka (Bizkaia) eta Kanaria uharteak dira brasildarraren hurrengo helmuga. Aitaren familia kanariarra du, eta han utziko ditu beste bi taula. Proiektu honen hedapena surfaren hirien nazioarteko sarearen barnean sartzen da. Surfarekiko lotura handia duten hiriek osatzen dute sarea. Donostiaz gain, Durban (Hego Afrika), Hossegor (Frantzia), Gold Coast (Australia), Arica (Txile), edota Santos hiriak (Brasil) daude. Azken leku horretan dauka surf eskola Arañak. 

Itsuekin bakarrik ez, mota guztietako urritasuna duten lagunekin lan egiten du Arañak. Autistak, Downen sindromea dutenak, oinez ibili ezin dutenak... 80 urteko ikasleak eta baliabiderik gabeko haurrak ere baditu. «Itsasoan denak berdinak gara. Oso giro atsegina sortzen da. Surfarekiko pasioa partekatzea da garrantzitsuena. Guztiok ikasten dugu besteengandik zerbait, eta ezberdintasun sozial, emozional eta fisikoak ahazten dira».